Hasiera |
HASIERA cabecera
 

Jarduerak

 

Ahal den neurrian, saiatzen gara gure seme-alabek parte har dezaten erakunde publikoek zein pribatuek eskaintzen dituzten jarduera guztietan, esate baterako igeriketan,futbol egokituan, auzoetako ludoteketan, Solas-Jolasen, udalekuetan, kanpamenduetan, eta abar.
Aisiaren eta denbora librearen alorra “debekatuta” egon da beti desgaitasunen bat duten haurrentzako, eta aurrerantzean hori horrela ez izatea nahi dugu guk. Gure ustez arlo hori funtsezkoa da integraziorako eta partaidetzarako eta ezin gaitezke hori gabe geratu; eta horregatik, ahalegin guztiak egingo ditugu haur hauek ahalik eta jarduera gehien egiteko aukera izan dezaten, horretarako bitarteko material edo giza-baliabide gehiago beharko badira ere.
Desgaitasuna duten haurrak talde normalizatu batean sartzeko aukerarik ez dagoenean, dela esanik egiten ez dutelako edo monitorearen argibideak ulertzen ez dituztelako, dela talde-dinamika batean sartzeko ezintasuna dutelako edo haurren beren ezaugarriengatik, orduan antolatzen ditugu beren beharretara egokitutako jarduerak, izan dezaten gozatzeko, ikasteko, entretenitzeko, ariketa fisikoa egiteko, etxetik ateratzeko aukera, hitz batean esanda…gizarteratzeko aukera.

Gure fundazioak antolatu dituen jardueren artean honako hauek daude:

 

Adierazpen globala:
Adierazpen integratu eta egokituko tailer honetara gure elkarteko sei haur etorri ziren. Saioak taldeko haur bakoitzaren beharren arabera prestatzen ziren, eta hasieran eta amaieran beti egiten zen erlaxazio-saio bana.
Jolasaren eta musikaren bitartez alderdi garrantzitsuak lantzen dira: irudimena eta mintzamena eta gorputz adierazpena  garatzen dira, bai eta bokalizazioa ere; bide batez nork bere buruarengan konfiantza izaten laguntzen du, arretari eusten, besteak errespetatzen, eta abar.
Saioak Ana Pérezek eta  Ana Eguizabalek ematen zituzten.

 

EKINOTERAPIA

Hipoterapia: 
Modalitate honetan, zaldunak bere muga fisiko, psikiko eta sentsorialengatik ezin du zaldia kontrolatu eta horregatik denbora guztian profesional baten laguntza behar du. Alor fisikoko eta psikomotrizeko alderdiak lantzen dira, adibidez muskuluen tonua edo jarreraren kontrola. Beste helburu batzuk ere izaten dira, esate baterako komunikazioa, gizarteratzea, norberaren estimua hobetzea.
Afekzio larriak dituzten desgaituei zuzendua dago eta hezkuntzako edo osasun alorreko profesionalek gainbegiratua.

 

Zaldiketa terapeutikoa:
Pertsonak badu zaldiaren kontrola, dela gainera igotzeko garaian, dela, aurrez, garbitze-lanetan.  Lantzen diren helburuak hainbat arlotakoak dira: psikologiko-kognitiboa, komunikatiboa, psiko-motriza…
Desgaitasun intelektuala, fisikoa edo sentsoriala duten pertsonei zuzendua, portaera-asaldurak, gizartean egokitu ezina edota ikasteko arazoak dituzten pertsonei zuzendua. 

Azken urteotan, gure seme-alabak hipoterapia edo ekinoterapia saioetan ibili dira Irunen dagoen Jaizubiako hipikan.   Gure esperientziaren arabera, jarduera honen bidez izugarri gozatzeaz gainera, saioetan parte hartu duten neska-mutilek hobekuntza nabarmena izan dute alderdi batzuetan, hala nola segurtasunean, autoestimuan, jendetasunean, kasu batzuetan agresibitatea gutxitu zaie, hobetu egin dute ingurumenarekiko eta bereziki zaldiarekiko harremana, eta jakina, hobekuntza antzeman dute orekan, muskuluen tonuan eta espazioaren eta denboraren koordinazioan.

 

Surfoterapia:
2008an hasi genuen jarduera hau hasiera batean Irungo eta Hondarribiko kiroldegietan egin zen, taularekin eta urarekin nolabaiteko hurbiltasuna hartzen joateko.
 Egokitzapen hori lortu zenean, Hendaiako hondartzan hasi ziren egiten saioak, eta harrezkero han egin ohi dira. Klaseak Uhingain Surf Eskola elkarteak ematen ditu; elkarte horrek hastapenetik bultzatu zuen gure ekimena.
Surfa egiteak desgaitasuna duten haurrei eta gazteei  aisia-aktibitate bat egiteko aukera ematen die, normaltasunean eta berdintasun-aukeran integratzen laguntzen diena. Gainera, oso esperientzia bizi-emailea da, haurrak pizten dituena eta haiei orekaren eta gorputz-koordinazioaren kontrol handiagoa ematen diena, eta bide batez  norberaren estimua, afektibitatea eta gizarteratzea errazten dituena.



Musikosofia:
Esan genezake benetan eta kontzienteki entzuten erakusten duen praktika dela, eta horri esker Musikak gizon edo emakume bakoitzaren garapen harmoniatsuan lagun dezake eta bere jakituria erakuts diezaguke.
Musikosofia metodoa entzute errepikatuan, kontzentratuan eta gogoetatsuan dago oinarritua; arte bilakatzen da, eta barne hartzen ditu besoen bidezko keinu adierazpena (Melorritmia) eta ahapetik kantatzea.
Musikosofia saioak Josefa Marugán psikologo eta teknika horretan adituak ematen ditu.

 

Musikoterapia :
“Musika-terapeuta  kualifikatu batek paziente edo talde batekin musika eta honen elementuak (soinua, erritmoa, melodia eta harmonia) erabiltzea da,  komunikazioa, ikaskuntza, mugikortasuna, adierazpena, antolamendua eta garrantzizko beste xede terapeutiko batzuk eskaintzeko eta bultzatzeko prozesu baten barruan, premia fisiko, psikiko, sozial eta kognitiboetan laguntza ematearren.”                     Musikoterapiako munduko federazioa.

Musikak sendatzeko duen gaitasuna aspaldidanik da ezaguna. Musikoterapiak musika erabiltzen du bere bitartez osasun edo hezkuntza arazoak dituzten pertsonen funtzionamendu fisikoa, psikologikoa, intelektuala edo soziala hobetzeko.
Musikoterapia praktikatzea ikaskuntza, portaera, adimen-urritasun, autismo eta abarretako arazoak dituzten haurrentzat mesedegarria denez gero, jarduera hau gure eskaintzen barruan sartu genuen 2009an.

 

Padovan metodoa:
Funtsean haurren hizkuntza arazoak konpontzen lagundu nahi duten logopedek erabiltzen duten terapia bat da.
Sistema honen bidez, Domanen Berrantolaketa Neurofuntzionalaren metodotik datozen ariketa tradizionalak lantzen dira; ariketa horiek bere osotasunean laguntzen diote haurrari, eta hizkuntzarekin zailasunak dituzten umeen arazo asko ondo bidean jartzen dira; izan ere, askotan zailtasun horiek beste batzuekin izaten baitute lotura, eta autismo kasuekin, garuneko lesioekin, Down sindromearekin, arreta defizitarekin -dela hiperraktibitatearekin dela gabe-, dislexiarekin, eta abarrekin ere bai.  Ariketa hauek natura imitatzen saiatzen dira  haurraren garapenaren bilakaeran; horregatik, haur txikiak berez egiten dituen mugimenduak lantzen dira, eta mugimendu horiek behin eta berriz eta trinkotasun batez egiten dira, garapenean sortu ahal izan diren hutsuneak edo desorekak albait gainditzearren.
Ariketak egiten diren bitartean olerkiak eta abestiak errezitatzen dira, eta horren bitartez mugimenduen erritmoa eta sinkronizazioa ezezik,  entzumena eta irudimena lantzen dira. Horrek,  gainera, izaera ludiko bat ematen dio tratamenduari.
Padovan metodoa oso terapia aberatsa da; esan den moduan, hizkuntza zailtasunak konpontzeaz eta hobetzeaz gain,  haurraren trebetasun guztiak lantzen jartzen du indarra, haren nerbio-sistema globalki berrantolatuz. Egunetik egunera gehiago ari da zabaltzen  haurren ikaskuntza, arreta edo portaera arazoak lantzen dituzten adituen artean.

 

 

Dantzaterapia 
Dantza-Mugimendu Terapia (dantzaterapia) hainbat diziplina nahasten dituen espezialitatea  da. Psikologia eta dantzak sendatzeko duen gaitasuna bat egitetik jaioa da. Mugimenduaren erabilera psikoteraupeutiko gisa definitu daiteke, gizabanakoaren integrazio psikofisikoa bultzatzen duen prozesu bati begira.
 
Dantza-Mugimendu Terapiak ondorengo oinarri teorikoak ditu:
-gorputzaren eta buruaren arteko harremana: gorputza eta burua etengabe daude bata bestearekin harremanean.
-mugituz egiten den adierazpen eta sortze jardueraren indar terapeutikoa.
-harreman terapeutikoaren garrantzia.

Bereziki garapen, motrizitate, ikaskuntza mailako nahasteak, kontzentrazio edota arreta falta, hiperaktibitatea, autismoa duten haurrentzako eta nerabeentzako  terapia da. Eta, oro har, desgaitasun fisiko, psikiko edo zentzumenezkoa duen edozein pertsonarentzako.

 

Denbora librea:
12-13 urteko edozein gaztek izaten ditu lagunak eta horiekin izaten ditu ohiko harremanak. Lagunekin harremana mantentzea edo lagun berriak egitea, berez, nolabaiteko trebetasun sozial batzuk izatea eskatzen duten eginkizunak dira. Trebetasun hori oso konplexua izan ohi da desgaitasuna duten gazteentzako, gehienetan ez dutelako garatzeko aukerarik izan, edo besterik gabe, ez dutelako jakin nola egin.

Nerabezaroan sartzean, baliteke gaztetxo horiek lehentasuna ematea lagunekin duten harremanari, eta familiakoekin duten harremanak indarra galtzea. Nerabea poliki-poliki bere bizitzako fase berri batean sartuko da, eta hor ardatza eta erreferentzia lagunak izango dira. Desgaitasuna duen gazteak behar horixe bera sentitzen du, baina trebetasun sozialik ez duenez gero, ez du bere kabuz lortzen lagun talde baten barruan sartzea.

Nolabait ere hutsune hori arintzearren sortu da Denbora Librearen kluba. Monitore batzuek bost  nerabek osatutako lagun taldetxo baten ardura hartzen dute gaur egun. Igande arratsetan biltzen dira, paseatzera joaten dira, elkarrekin jolasten eta dibertitzen dira… gurasorik gabe. Ordu batzuetan, behintzat, gurasoen “uztarritik” libre, baliteke haiek ere askatasunazer den bizitzea eta, bide batez, beren lagunekin batera esperientziak bizi izatea, ongi pasatzea, liskarren bat izatea eta haserretzea eta adiskidetzea. Horrela, sentimendu berriak ezagutzeko aukera ematen zaie. Gauzarik normalena, azken batean.